2020(e)ko azaroaren 5(a), osteguna

AUKERA BERRIAK

 AUKERA BERRIAK


En Tol Sarmiento (E.T.S.)  Iekoran (Arabar Errioxa) sortu zen 2005. urtean.18 urte baino gutxiago zituzten eta musikaren inguruan ideia argirik ez. Taldearen hasierako egitura hurrengoa zen; bi kitarrista, Iñigo Etxezarreta eta Ruben Campinun, eta baterian Floren Diaz. Dena den, Kampik gitarra berehala albo batera utzi eta baxua hartu zuen, taldeari nolabaiteko musikaltasun hobea emanez. Hirukotea, punk-rock abestiak bertsionatzen hasi ziren, Kaotiko, La Polla Récords, Kortatu, Piperrak, Boikot edo Reincidentes bezalako taldeen eraginpean. Hilabete gutxien ostean, taldea abesti propioak konposatzen hasi zen.

2006 eta 2007 urteren artean Arabar Errioxan kontzertuak ematen hasi ziren, Bujo tronpeta-jolea ezagutu arte. Geroztik, E.T.S.-k etorkizunean jorratuko zuen estilo berri bat hasi zen jotzen: ska estiloa. Hurrengo urtean, 2008an, taldeak berak ekoiztu zuen Vendimia Seleccionada, sei abestiz osatutako maketa-diskoa.

2009. urtean Lucas sartu zen taldean, tronboia esku artean zuelarik, taldeak gaur egun mantentzen duen egitura finkatuz: gitarra, bateria, baxua, tronboia eta tronpeta. Arrazoi profesionalengatik, 2011an Bujok taldea utzi behar izan zuen eta bere lekua Rubén Terreros tronpetajoleak hartu zuen. Aipatu beharra dago, 2009 eta 2010. urteetan zehar Luko saxofoi-jolea taldean egon zela, baina Bujoren antzera, arrazoi pertsonalak zirela medio, taldea utzi behar izan zuen.

2012. urtean “Hacia la Luna” diskoa grabatu zuten Logroñoko Sonovision Rock Lab estudioetan, Dan Diez-en eskutik. Taldeak, Baga-Biga diskoetxearekin hasi zen lanean eta aldi berean, E.T.S.-ren abestiak Euskal Herri osotik hasi ziren entzuten. Beste alde batetik, kontzertu asko hasi ziren jotzen Arabar Errioxatik  kanpo, zuzeneko indartsu eta alaitsu bat eskainiz.

Bi urte geroago, 2014. urtean, Zure Mundua izeneko hirugarren lana grabatu zuten Usurbilgo Higain Estudioetan, Haritz Harreguyren eskutik. Taldea izena hartu eta jarraitzaile kopurua handituz joan zen.

Hurrengo urtean, 2015ean, Gasteizen ospatutako baina Oiongo San Bizente ikastolak antolatutako Araba Euskaraz egunerako abestia E.T.S.-k konposatu zuen. Urte berean, taldeak Beldurrik ez laugarren lana grabatu zuen SonidoXXI estudioan (Galar , Nafarroa), Javi San Martinen eskutik. Disko motzagoa, soilik euskaraz eta rockeroagoa. Durangoko Azokan aurkeztu eta lehenengo 10 salduenen artean sartu zen.

Bi urteetako bira eskaini ostean, 2017an Ametsetan lana argitaratzen du taldeak, Baga-Biga diskoetxearekin. Proiektu honek bi atal izango ditu. Alde batetik, 2017ko Gasteizko jaietan 10.000 pertsonen aurrean grabatutako zuzeneko disko bat eta DVDa.  Bestetik, taldearen bizitza azaltzen duen 55 minutuko dokumentala. Beraz, Ametsetan lanarekin, ETSk bere 12 urteko historiaren errepasoa egingo du. Taldeak puntu eta jarrai bat iragarri zuen erronka musikal berrietan murgiltzeko asmoz.

Urte bat beranduago, E.T.S.-k 2019ko Herri Urratseko kantua konposatu zuen. Taldea Pello Reparaz produktorearekin lanean hasi zen.

2019ko abenduan En Tol Sarmientok bere seigarren lana aurkezten du, Aukera Berriak (Baga-Biga). Lan honekin taldeak bi urte lehenago iragarritako aldaketa gauzatuko du.

Aukera berriak lan serioa, exigentea, modernoa eta heldua da. Aurrekoekin konparatuz salto kualitatibo bat nabaritzen da, izan ere, produktore batekin lantzen duten lehenengo diskoa da. Hori dela eta, bai musikan, bai letran, detailerik txikiena ezin hobeto zainduta egoteaz gain, taldea estilo berriak probatzera ausartu egin da.

Gaur egun, taldea bere azken lana aurkezten ari da eta Euskal Herrian jarraitzaile gehien mugitzen duen taldeetariko bat bilakatu da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina